2008/11/30

Letonia eta adierazpen askatasuna

Bilbo eta Riga artean bizi naiz aspalditik. Urtero hiru hilabete inguru pasatzen ditut Baltikoko hiriburuan. Horri esker, bestelako pertsona, kultura, gai eta paisaiekin estutzen ditut harremanak nire bigarren etxean.

Letonia zoragarria da natural aldetik, bere lakuek, ur beroetako hondartza basatiek eta baso amaigabeek liluratu egiten naute. Herrialdearen hiru laurden ziren zuhaiztiak independentzia lortu aurretik, orain batek daki neoliberalismoak zenbatera gutxi dituen.

Azken horrek tristatzen nau bereziki, ez dut batere gustukoa Letoniak hartu duen norabide politiko eta ekonomikoa. Oro har, miresten ditut Baltikoko herrialdeak gai izan zirelako Sobietar Batasunaren zanpaketa politikotik askatzeko, baina ezin dut ulertu hauek hartu duten noranzkoa eta biztanleriak azaltzen duen pasotismoa.

Politikarien artean ustelkeria da nagusi. Ministroak eta alkateak poltsikoak ondo bete ostean, sartu-irtenak egiten dituzte presondegietatik baina kargu politikoak galdu gabe(!). Tamalez arazoa ez da soilik politikariena. Gizartean ditu sustraiak. Nazionalistek boterea hartu zutenetik indibidualismoari kultua egin diote eta horrek, kapitalismoaren bertsio basatiarekin eman duen emaitza da sentimendu eta ardura kolektiboaren gainbehera.

Emaitza begi-bistakoa da kaleetan, BMWak eta Mercedes-ak dira gehien ikusi daitezkeen auto markak. Izan ere, oso handia da klaseen artean dagoen desberdintasuna neoliberalismoaren paradisu honetan. Urtean 365 egun eta 24 ordu irekita dauden supermerkatuak topatu daitezke; enpresak ez daude derrigortuta langileen aseguru medikua ordaintzera; sektore publikoak duen pisua txikituz doa etengabe eta bere langileen soldatak ezin txikiagoak dira; aldiz, sektore pribatuak erraztasunak baino ez ditu bere boterea zabaltzeko. Hauek dituzten abantailak hamarnaka konta daitezke, baina bat aipatzekotan irabazien gaineko zerga aipatuko nuke: %10ekoa (gogoratzen EAEko aldundien aldaketa %28ara jaitsiz?). Honek kontrastatu egiten du langileen soldatek jasaten duten Pertsonen Fisikoen Errentaren Gaineko portzentajearekin: %25a denentzat, kontutan hartu gabe zenbatekoa den diru-sarrera osoa.

Aurten negua goiz iritsi da Letoniara

Errealitate soziala gogorra da, langileak nekez irabazten dituzte 500 euro hilean; eta pentsiodunen gehiengoak moldatu behar izaten du 150 euro eskasekin (kontutan eduki behar da urteko sasoi honetan etxeko berokuntzaren faktura 100 euro ingurukoa dela hilean). Baina larriena da urtero-urtero jasaten ari diren erosteko ahalmenaren txikitzea (%15 inguru). Inflazioa aspalditik dago zoratuta (Rigako taberna eta supermerkatuak Bilbokoak baino garestiagoak dira).

Goi karguek ordea, Euskal Herrian baina diru gehiago irabazten dute Letonian. Presidentea da Europako guztien artean soldatarik altuena duena, berriz Europar Batasunean gastu sozialeko portzentaje baxuena du Baltikoko herrialde honek, eta gainera, agintariak harro daude urtez urte txikituz joan direlako, nahiz eta azken urteetan Letoniakoa izan den Europan gehien hazi den ekonomia.

Baina garai horiek joan dira eta gaur egun krisia da protagonista. Orain dela urte bete hasi ziren lehenengo zantzuak nabarmentzen, maileguak lortzea geroz eta zailagoa zen eta ondorioz, geroz eta etxebizitza gutxiago saltzen ziren. Krisiaren ataria zen nahiz eta Letoniak bi digituetako hazkunde-tasak zituen oraindik. Halere, gaixoaren sintomarik kezkagarriena zen % 16-17ko inflazio-tasa; hiru urtetan Letonia Euskal Herria baino merkexeagoa izatetik dezente garestiagoa izatera pasatu da. Horregatik, letoniar monetaren (Lat) debaluazio posible bati buruzko zurrumurruak hedatu ziren nazioarte mailan (The Economist, The Herald Tribune…). Orain arte, Letoniak era artifizialean mantendu egin du Lat-a eta euroaren arteko kanbioa finko bezala.

Horrelako berriek urduria sortzen dute herritar eta politikarien artean. Izan ere, azkeneko urteetako hipoteka gehientsuenak eurotan kontratatu dira eta beraz, debaluazio batek nabarmen pobretuko lituzke maileguak dituztenak, soldatak debaluatutako eurotan izango liratekeelako eta hipotekak balioan handitutako eurotan.

Zurrumurruak hauek isilarazteko sorgin ehiza hasi zuten agintariek. Orain dela urte bete, poliziak itaundu egin zituen Rigako Stockholm Ekonomia Eskolako Morton Hansen irakaslea eta Errektorea krisiari buruzko iritzia publikoki adierazteagatik. Aste batzuk beranduago, SMS bat hedatu zen Letonian iragarriz Lat-aren debaluazioa; segidan, poliziak ikerketa bat hasi zuen jakiteko nortzuk bidali zituzten mezu hauek.

Ordutik bazterrak gehiago nahastu dira. Finantza sistema oso ahul dago eta horren seinale da Parex Bankaren nazionalizazioa, Letoniar jatorriko lehenengo banketxea. Bestalde, datu ekonomikoek adierazten dute depresio ekonomiko baten atarian dagoela herrialdea: azkeneko hiruhilekoaren hazkunde-tasa negatiboa izan da (-%4’3). Berri hauek tartean zirela Smirnovs ekonomia irakasleak egunkari bati adierazi zion berak eman zezakeen gomendio bakarra zela eurotan aurreztea eta aurrezkiak ez gordetzea bankuetan. Horregatik, bi egun pasatu ditu kartzelan eta orain aske dagoen arren, bere ordenagailua konfiskatuta dago eta epaiketaren zain dago.

Ez da bakarra izan. Kontzertu batean, Valters Fridenbergs abeslariak ironiaz esan zuen banketxeetatik aurrezkiak ateratzea komeni zela. Iritzi horrengatik, poliziak itaundu egin zuen abeslaria. Fridenbergsek eta Smirnovsek dagoeneko adierazi dute etorkizunean kontu handiagoa izango dutela horrelako adierazpenak egiterakoan. Bi puxtarri adierazpen askatasunaren kontra.
Baina hor ez da bukatu jokoa. Orain Segurtasunerako Polizia Letoniarrak elkarrizketa “prebentiboak” egiten ditu banketxeetako langileekin, ez du nahi beraiek pentsatzen dutena kalera iristea eta horretarako, Parlamentuak dagoeneko eman dio lege estaldura onartu berri duen kode penalaren aldaketarekin; horren arabera, 194.1 artikuluak tipifikatu egiten du delitu bezala letoniar finantza sistemari buruzko berariazko informazio faltsua hedatzea (bi urteko kartzela zigorra).

Ez da gauza berria. Adierazpen askatasuna ez da bereziki zaindua izan Letonian. Orain dela urte bete gobernuak debekatu egin zuten gay, lesbianen eta transexualen harrotasun eguna. Kritikak Europatik etorri ziren eta horregatik aurten egin ahal izan da hala nola. Manifestazioa poliziaz inguratuta egin behar izan zuten irainka eta protestaka homofobo koadrila handi samarra zutela. Ordea, Nazien SS unitateetan aritutako letoniarren desfileak baimena izaten du urtero-urtero eta hauen aurka protestatzen dutenak behin baino gehiagotan izan dira atxilotuak. Faxisten adierazpen askatasuna defendatzen dute agintariek beste batzuena urratu edo oztopatu egiten duten bitartean.

Eta ulertzekoa da beraien erreferentzia politikoak zein diren ikusita. Bush Amerikako Estatu Batuetako presidentea miresten dute eta antzeko zer edo zer egon daiteke naziekin. Bestela nola ulertu daiteke SS-etan aritutakoen omenez monumentua eraiki izana Lesten-en? Edota okerragoa dena, nola esplika daiteke baimena eman izana II. Mundu Gerra amaieran hildako alemaniar soldadu nazien omenezko memoriala eraikitzeko Salaspils-eko kontzentrazio-esparruaren memorialaren ondoan? Naziek 100.000 pertsona hil zituzten lekuaren ondoan.


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada