2009/11/09

Berlingo harresia 20 urte geroago

1989ko azaroaren 9a data historikoa da. Egun horretan, ekialdeko alemaniarrak gaueko 12etatik aurrera inolako baimen berezirik gabe mendebaldera pasatu ahal izango zirela iragarri zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak. Segidan, zurrumurrua Berlin erdibituaren bi aldeetan zabaldu zen, eta gauerdia baino lehen, Berlingo harresiaren inguruak jendez gainezka zeuden.

Unea iritsi zenean, Berlin Ekialdeko hiritarrak muga-postuak pasatzen hasi ziren oinez eta automobilez. Hunkipen eszenek hartu zuten protagonismoa: denbora luzez separaturiko familiartekoen eta lagunen besarkadak eta malkoak, xanpain eta garagardoarekin eginiko brindisak, bisitariei egindako ongietorri opariak, muga-postuak zaintzen zituzten soldaduen errifleetan eta frontera zeharkatzen zuten automobiletako haizetakoetan jarritako loreak... Pozak, zirrarak eta hordigarri zen askatasun sentimenduak gainontzeko guzia egin zuten.

Pixkanaka-pixkanaka, milaka berlindarrek harresia eskalatu, eta kasu askotan soka, mailu, pikotxa eta zizelekin, egia bihurtu zuten urteetako ametsa: Berlingo harresia eraistea. Amaiera iritsi zuen 80ko hamarkadan hasitako prozesuak. Orduan, krisi ekonomiko, politiko eta sozial gogorrak jasan zituzten estatu neoestalinistek. Irtenbideak liberalizazioetan bilatu zituzten gehienek. Baina Polonia eta Hungaria izan ziren aurreratuenak. Biak trantsizio luze batean barneratu ziren, eta oraindik Berlingo harresia erori gabe zegoela, Hungariak Austriarekin zituen muga-postuetako hesiak kendu zituen 1989ko maiatzaren 2an. Altzairuzko Errezelak hantxe izan zuen lehen pitzadura garrantzitsua. Iraila heldu zenerako, 15.000 ekialdeko alemanek mendebaldera ihes egiteko erabili zuten muga-postu hau.Budapesteko gobernuaren aurrean protesta egin zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak, eta ondorioz, Hungarian sartzeko bisatua inposatu zitzaien alemanei. Baina arazoa ez zen konpondu. Aleman askok Pragarako bidea hartu zuten, eta han, Mendebaldeko Alemaniako enbaxadan errefuxiatu ziren. Hori dela eta, Txekoslovakian ere bisatua inposatu zieten ekialdeko alemanei. Alemaniako Errepublika Demokratikoa presondegi bihurtua zen. Ez zegoen irteerarik, eta horregatik, urrian protestek bete zituzten kaleak. Zorionez, Berlingo harresiarenak egin zuen azaroaren 9an. Hurrengo egunetan (eta hilabeteetan) Ekialdeko Europa osoan barreiatu zen demokratizazio olatua. Bulgarian, herritarren mobilizazioek azkartu zuten sistemaren erorketa; Txekoslovakiako Belusezko Iraultzak munduko hedabide guztiak zipriztindu zituen, azaroaren 17an; eta azkenik, Errumanian, Jugoslavian eta Albanian, gehiago kostatu arren, hala-holako sistema aldaketa gatazkatsuak gertatu ziren.

Urte askotako borroken ondoren erori zen Altzairuzko Errezela. Entzutetsuak izan ziren Poloniako langile borrokak, 1956eko Budapesteko herri-altxamendua eta 1968ko Pragako udaberria. Hori bai, denak sobietar inperialismotik askatzeaz gain, helburu sozialez jantziak ageri ziren. Batzuek, langile kontseiluetan oinarrituriko demokrazia sozialista aldarrikatu zuten Budapesten. Besteek, aldiz, aurpegi gizatiarreko sozialismoa sortu nahi izan zuten Txekoslovakian.

Hala bada, gehiengo adierazgarri batek uste izan zuen iraultza sozialista batek amaituko zuela estalinismoa. Inperialismoaren aurkako sentimendua bestelako sozialismo proposamenekin uztartu eta bestelako gizarte bat jaio zitekeela pentsatu zuten. Zoritxarrez, dezente aldatu ziren gauzak urteek aurrera egin hala.80ko hamarkadak errealismo eta kontserbadorismo politikoaren urteak izan ziren. Krisi ekonomikoak gogorki astindu zituen Europa ekialdeko estatuak, eta horrek 1989ko mobilizazioetan sozialismo hitza baztertzea ekarri zuen. Dena den, jendearen diskurtso eta egintzetan humanismo eta elkartasun sentimenduak nagusitu ziren. Demokraziaren ikuspegi xaloa defendatu zuten. Baina matxinadetako buruzagiak eta erregimeneko politikariak errealistagoak ziren. Sobietar inperialismotik behin libratu zirela. Alemaniakoaz ahalik eta urrunena egoten saiatu ziren. Horretarako bilatu zuten AEBen babesa.

Gizartearen eredu kultural, ekonomiko eta politikoa Washingtonen aurkitu dute herrialde horietan. Lehen, abangoardiari itsuan jarraitu behar zitzaion; orain, ekialdeko herritarrei merkatu libreak paradisua ekarriko diela sinetsarazi nahi diete. AEBetan bezala, umeek egunkariak kaleetan saldu eta agureek lan egiten dute, dituzten pentsio eskasak osatzeko. Edozein izkinatan dago McDonald's bat; hirietan ugariak dira 24 ordu irekirik dauden supermerkatuak; munduko lehen markako dendak edonon daude; eta turistentzat eta kanpo inbertsioentzat dena dago salgai: souvenirrak, alkohola, sexua, etxeak, lurrak, lantegiak, gasolina...

Gizarte eredu horrek, baina, arazo ugari sortu ditu. Egunez egun gehiago dira gizarteak baztertutakoak eta pobretutakoak, birbanaketa politikak alboratu direnetik. Horregatik, demokrazia berriak sortu duen etsipena eta frustrazioa agerikoa da. Pragako irratiak, Belusezko Iraultza ospatzen zuen 2002ko azaroaren 17ko irratsaio berezi batean, txekiar ikasle bati iritzia galdetu zion gertaera historikoari buruz. Mutilak, errealitate gordina islatu zuen bere erantzunean:

«Egungo gazte belaunaldiari 1989ko azaroaren 17ak deus gutxi esaten diola uste dut nik ere. Baina ez horiei bakarrik, txekiar gizarte osoari baizik. Iruditzen zait egungo sistemak oso zerikusi gutxi duela orduan aldarrikatu zen benetako demokraziarekin. Kapitalismo basati eta kontrolik gabeak nire belaunaldiari ez dio utzi giza balioen inguruan hausnartzen; aitzitik, araurik gabe eta muga moralik gabe, ardura bakarra dute: nola iraun bizirik lehia gogor eta krudel honetan. Nire gurasoek, era berean, lanari eustea eta alokairu eta produktu gero eta garestiagoei aurre egitea beste ardurarik ez dute. Nik uste jende asko etsita dagoela, guztiz etsita».

Eta etsipen hori ez du desagerrarazi Europako Batasunean sartu izanak. Ondotxo ulertu baitute bigarren mailako herri gisa sartu direla. Are gehiago, beldur direnak asko dira. Izan ere, mota guztietako sakrifizio ekonomikoak eskatuko dizkietela ulertu dute. Bitartean, egun hauetan, herrialde hauetako agintarien jauregietan eta atzerritar enpresetako egoitzetan, asko izango dira altxatuko diren xanpain kopak. Harresia erori zeneko 20. urtemuga ospatuko dute. Kalean, ordea, atzoko harresi zapaltzailearen erorketaz gutxik hitz egiten dute. Izan ere, atzoko harresiak erori bezain laster harresi berriak eraiki zituztela badakite langabeek, pentsionistek, eskaleek, ijitoek, gutxitutako nazioek eta langileek. Batzuk, benetako hesi fisikoak dira, ijitoak bakartzeko eginikoak kasu. Eta beste asko, diruak inposaturikoak dira.


*Artikulua hau Berriak argitaratu zuen 15. urteurrenean, orain hona ekartzen dut 15 jartzen zuen lekuan 20 jarrita, izan ere, orduan esandakoak urtemuga honetarako balio dute ere bai.

*Berlingo harresiari buruz, eta Europar Batasunean sartu ziren ekialdeko herrialdeei buruz,
Atzoko eta gaurko Harresiak (2004) liburua dut argitaratua. Herrialde hauen historiaz, kulturaz eta gizarteaz hitz egiten da bidai kontakizun bat aitzaki bezala hartuaz.

Entradas relacionadas



Widget by Hoctro | Jack Book. Brought to you by Blogger SEO.

5 comentarios:

Anónimo dijo...

Memoria historikoa lantzeke dagoela iruditzen zait gaur egungo Alemanian (eta mendebaldeko gainontzeko estatuetan).

Badirudi DDRko (Ekialdeko Alemania) biztanleak kapitalismoa aldarrikatzen ari zirela harresia behera bota zutenean. Gezurra. Historiako pasarte horrek mito bilakatu zuen gezur hau:
- Demokrazia = Kapitalismo

Nik dakidala demokraziaren sinonimoa ez da kapitalismo.

Honekin batera badirudi DDRen bizi baldintza ekonomikoak eskasak zirela. Egia esan, ez dut uste 80. hamarkadako espainiar estatuaren bizi balditzak askoz hobeagoak zirenik.

Azkenik eta Good By Lenin! filmak erakusten duen moduan Ekialdeko Alemaniako herritarrek ezin izan zuten euren etorkizunaz erabaki. Egun batetik bestera euren herria (DDR) desagertarazi zuten eta beraiek ez zuten iritzia emateko aukerarik ere izan.

Oxandabaratz dijo...

Nik uste Ekialdeko alemaniarrek ez zutela DDR edota sozialismo uzkaili nahi izan, baizik eta honen alderik "gorrotagarrienak" edo deserosoenak (adibidez, harresia). DDRren aldeko manifa aunitz egon ziren garai horretan (40.000 jendetik gora).

Baina erreakzionatu nahi izan zutenean beranduegi izan zen, Mendebaldeko inperialismoa jada barnerarte sartu bait zitzaien, SESB eta Gorbatxoven laguntzaz. Nik uste, (eta inkestetako emaitzak ikusita), salbuepenak salbuespen (polonia adibidez), Ekialdeko jendeak "sozialismoa hobetu" nahi zuen, ez uzkaili. Baina euren zuzendaritza atzerakoien (Havel, Klaus, Petre Roman, Ieltsin, Sakahrov,...) eta AKetako ustelenen (Kutxma, Gorbatxov...) esku uzterakoan, biak ala biak indar prokapitalistak zirelarik, ba azkenean salduta egon ziren, eta ez hori bakarrik, Mendebaldetik euren eskaerak desitxuratezko aukera eman zuten.

Euren "errua" ere bada noski, kontu handiagoarekin ez ibiltzearren. Ipuinaren koxka: kontuz antistalisnismoarekin, Stalinen ipurdian ostikoak ematen dituen horrek, benetan sozialismoa birrindu nahi izaten ohi bait du.

Agurrak.

P.D: Asier, badakit etzi Deustun hitzaldia duzula. Zein ordutan?

Asier Blas dijo...

Anonimoarekin erabat ados nago egin duen planteamenduarekin. Oxandabaratz-ek dionarekin lehen zatian ados nago, ez dut hainbeste konpartitzen gertaeratik ateratzen duen irakaskuntza. Nik bestela ikusten dut, askatasun egarria ez zen proiektu baten inguruan bildu eta beraz, ez zegoen proposamen zehatzik, aldarrikapen orokorregia ziren. Hor dago nire ustetan arazoa, ziria ondo sartu zieten mendebaldetik, beraien ipuina kontatu eta gehientsunek ongi asko irentsi zuten, baina gero etorri ziren ajeak, eta ez nola nahikoak.

Eskerrik asko bioi iruzkinengatik!

PS: uste dut 19:30etan dela.

Alazne González dijo...

oso testu ona, zorionak, hile hontako le Monde Diplomatiquen (ed. española), hildo horretatik zihoan Ramonetek.
Egian esan, anonimok dion bezala RDA eta RFA "batu" zirenean, RDAakok ask pairatu zuten. le Monde Diplomatiqueko artikululotxo baten agertzen da ere, eta arraroa dirudien arren, Monster delako mangan.

Neure blog-roll-era agregatzen zaittut

Asier Blas dijo...

Eskerrik asko Alazne, nire testua orain dela 5 urte eginikoa da eta egia esan gauzak berdin daudelako ekarri dut hona. Tira, ni ere erantsi zaitut nire blog-roll-era, ikusten dudanez gainera 2.0 munduan traketsak garenontzako laguntza ere eskaintzen duzu :) Ongi izan!